XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6. Etxeberriko-karbia (Gamere-Zihiga-n, Zuberoan)
Haitzulo zabal honetan, Boucher-ek, sarreratik 180 metrotara kokaturiko irudi-saila aurkitu zuen 1950ean.

Bertarako bidea oso nekosoa da; lurpeko aintziretan zehar ibili behar da, eta katabide estuak eta erlaiz arriskutsuak pasa behar dira.

Hamabi zaldi, bi bisonte eta pare bat ahuntz daude bertan.

Batzu beltzean margotuak daude; bestetzu gorrian; beste batzu, azkenik (hatzaz seguraski), buztin bigunean eginak.

Hauen adinari buruz ez datoz bat prehistorilariak.

Brenil eta Laplaze-ren ustez, bi aldi desberdinetan eginak lirateke.

Batzu, margotuak alegia, oso zaharrak bide dira; Aurignac aldikoak, hain zuzen.

Buztinean marraztuak, berriz, Magdalen aldiaren haserakoak lirateke.

Leroi-Gourhan-en ustetan, guztiak Erdi-Magdalen aldian burutuak lirateke.

7. Sasisiloaga (Altzûrûku-n, Zuberoan)
Etxeberriko-karbia-ko irudien aurkitzaile berak aurkitu zituen, 1950eko urte berean, aurreko lekutik ez urrun, bi bisonte Sasisiliaga-ko haitzulotxoaren hondoko sabaian.

Aurreko haitzulokoen antz haundia dute.

Bat okre gorriz pintatua izan zen.

Azken honek, gorrian ere ba ditu lerro batzu.

8. Goikolau (Berriatua-n, Bizkaian)
Haitzulo honetako irudiak Joxe Migel Barandiaranek aurkitu zituen 1962an, atarian hondalana egiten ari zelarik.

Bost sailetan banaturiko grabatu-moltzua da.

Irudi eskematiko eta bukatugabeak dira; hain zuzen ere, ahuntzen bat edo beste salbu, ez da erraza zein animali mota irudikatzen duten esatea.

On Joxe Migel Barandiaranek postpaleolitoskotzat jo ditu horietarik batzu, eta aztarnategiko hainbat lur-mailen hilobi-izakerarekin erlazionatu ditu.

Gauza bera gertatzen da, geroago aipatuko dugun eta Araban dagoen Metal-aroko Solaskoba haitzuloan ere.

9. Altxerri (Aia-n, Gipuzkoan)
Gipuzkoa eta Lapurdi ziren, zazpi herrialdeetan, hormetako artedun aztarnategirik ez zuten bakarrak.

Halere, Gipuzkoan prehistoriako aztarnategi haundi eta garrantzitsuak zeuden.

Baina, 1962ko urriaren azkenetan, Aranzadi, Migliaccio eta Vicuña, hirurok Arantzadi Zientzi Elkarte-kideak, Oriotik hurbil dagoen haitzulo batetan sartu ziren, bertan hasiak zituzten topografi lanak jarraitzeko.

Haitzuloko leize batetara jaisteko materiala prestatzerakoan, espeleologo gazteotako batek horman bisonte bat ikusi zuen.

Eta lehenengo honen jarraian, beste irudiak agertu ziren.

Horrela, ordurarte aurkitutako labarretako artearen euskal aztarnategirik garrantzitsuenaren jabe egin ginen.

Handik laster, on Joxe Migel Barandiaranek haitzulo honetaz lan garrantzitsu bat argitaratu zuen Aranzadi Zientzi Elkartearen Munibe aldizkarian.

Altxerri, arrazoi askorengatik da inportantea.

Lehenik, ehundik gora irudi daude haitzuloan.

Hor irudikatzen diren animali moeten barietatea izugarria da; izan ere, bisontea askoz nagusitu arren, ba daude elurroreinak, oreinak, zaldiak, basazezenak, ahuntzak, saigak, sarrioak, azeriak, arrainak, hegazti bat eta suge bat ere.

Ba daude bi antropomorfo ere.

Eta guzti hau, interpretazio zaileko zeinu-multzo handi batekin batera.

Altxerriko bisontea, estetika expresionistaz grabatua.
Elurrorein eta axeri grabatuak Altxerrin.